Zaindu zure mugak
Borztirietako kontsumo arduratsuen kanpaina
Urtea amaitzear doa et aondorioz, eguberrietako ospakizunak hurbiltzen doaz: San Juan Bosko, Olentzero eguna, urte zaharra, errege gauaren bezpera… Noski, egun horietan antolatzen diren bazkari eta afari orotan ohikoa da alkohola eskuragarri izatea eta alkohola kontsumitzearen hautua egitea. Horrenbestez, eguberri hauetan Bortzirietako Gizarte Zerbitzuko Mankomunitatetik nerabe zein guraso guztiei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpaina sustatzen ari gara “Za!ndu zure mugak” lelopean, opari handiena osasun oparoa izan dadin.
Gaur egungo gizartean alkohola gehien kontsumitzen den eta hain normalizatuta daukagun legezko sustantzia da. Noski, haren salmenta 18 urtetik gorakoentzako arautua dago, baina jakin badakigu adin hori jaitsi egiten dela eta askotan, adin txikikoen eskura jartzen dela. Horregatik, kanpaina honen bitartez alkoholaren kontsumoak sor ditzakeen arriskuez ohartarazi nahi dugu, eta bereziki, arreta eman nahi diogu kontsumoa murrizteko edo saihesteko neurriei eta aholkuei.
Ziur gaude adin txikiko gehienek alkoholaren arriskuez eta ondorioez kontziente direla, baina baliteke zaila izatea alkoholak sorrarazten duen errealitate distortsionatuan erabakiak hartzea. Era berean, talde presioak negatiboki eragin dezake, bortxan edanarazteko eta taldearen parte direla sentitzeko. Ondorioz, egoera horren aurrean argi adierazi behar zaie norberak erabakitzen duela zer, zenbat, nola, noiz eta norekin edan nahi duen ala ez. Are gehiago, bestetan kontsumitu gabe goza daitekeela adierazi behar zaie, posible baita gaueko aisialdian alkoholik gabeko pasarte dibertigarriak eta alaiak bizitzea.
Horrenbestez, kontsumo arduratsurako eta norberaren mugak sendotzeko aholku hauek zabaldu nahi ditugu: zure beharrak ezagutu eta zure burua zaindu, baita besteak ere; zalantzaren aurrean laguntza eskatu eta besteak lagundu; talde presioaren eragina zure erabakietan minimizatzen saiatu; gauean errespetuz gozatu, egoera bortitzak eta desatseginak saihestuz.
Erran bezala, kanpaina hau nerabeetaz gain gurasoentzat ere sortua izan da. Nerabeakestimuluz osatutako testuinguruan haien identitatea eraikitzen ari dira eta ondorioz, funtsezkoa da mugak jartzea. Horregatik, haiekin batera norbere mugak lantzea eta ezartzea gomendatzen dugu: informazioa ematea eta sustantzien kontsumoak sor ditzaketen ondorioez jabetuaraztea, familian komunikazio ohiturak barneratu, aberastu eta sakontzea; kalitatezko denbora tarteak elkarrekin egoteko hartzea; egunerokoan suertatzen diren pasarte edo gertakarietan oinarrituz heziketa lana burutzea,… Finean, gurasoak beraien inguruko adin nagusiko erreferenteak dira eta ezinbestekoa da jokabide egokiak erakustea haien burua babesteko eta beraien osasuna zaintzeko.
Laburbilduz, kanpaina honen bitartez norberak bere kontsumoari eta mugei buruzko gogoeta egiteko gonbidapena zabaldu nahi dugu, kontsumo arduratsua eta errespetuzkoa sustatzeko asmoz.
Ez ahantzi:
Gelditu, pentsatu, erabaki eta erran!

