I. XEDEA

Dirulaguntza honen helburua da Bortzirietako herrietan egiten diren eta Bortziriarrei eskainitako proiektuak diruz laguntzea. Deialdiaren laguntza proiektu edo zerbitzuak finantzatzeko izanen da. Ez dira hitzaldiak diruz-lagunduko. Entitate bakoitzak bi proiektu edo zerbitzu finantzatzeko eskaera egin dezake. Proiektuak edo zerbitzuak 2023. urtean zehar burutua izan beharko du, hau da, aintzat hartuko dira urtarriletik abendura bitarteko gastuak.

II. ESKABIDEAK AURKEZTEKO TOKIA ETA EPEA

  • Eskaera behar bezala beterik aurkeztu beharko da, horretarako bi bide daudelarik:
  • Aurrez aurre, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean (Andutzeta kalea, 15 3. solairua, Etxalar). Ordutegia: astelehenetik ortziralera 8:00etatik 14:00etara.
  • Posta elektronikoaren bidez, helbide honetara: info@bortziriakgz.eus
  • Egoitza elektroniko bidez, www.bortziriakgz.eus

Eskaerak aurkezteko epea: 2023ko abenduaren 13ra arte. Epez kanpo sartutako eskaerak edo bertze bideetatik sartutako eskaerak bazterturik geratuko dira.

III. AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Eskaerak datu hauek jasoko ditu, daturen bat faltako balitz eskatzaileari utzitako harreman bideen bidez gehitzea eskatuko zaie:

  • Eskabide orokorra (instantzia ofiziala: eskatzailearen datuak eta harremanetarako bideak zehaztu eta entitate eskatzailearen datuak).
  • Proiektua: Burutu beharreko proiektuaren azalpena (proiektuaren edo jardueraren ezaugarriak, bete nahi diren helburuak, burutu beharreko jarduera zehatzak, zer metodologia erabili behar den proiektua garatzeko, eta zer giza baliabide, baliabide material eta finantza-baliabide dauden, …). Ezingo da datu pertsonal edo identifikagarririk eskaini.
  • Alderdi ekonomikoak eta beste agiriak:
    • Proiektuaren jarduera bakoitzaren aurrekontua atal hauek, nahitaez adierazita:
      • Aurrekontuaren zenbatekoa.
      • Diru-sarreren aurrekontua.
      • Dirulaguntza honetatik gutxi gorabehera kobratu nahi den diru-kopurua. Eta zehazki zertara bideratzeko asmoa dagoen.
      • Aipatu proiektua garatzeko bertze erakunde batzuek eman beharreko dirulaguntzak.
  • Banku edo aurrezki kutxako ziurtagiria, kontu korrontearen zenbakia eta IFZa jasoko dituena diru-transferentzia egiteko.
  • Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan behar bezala erregistratuak egotea.
  • Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga guztiak kitatuak izatea.
  • Bortzirietako udalekin (hau da, Arantza, Igantzi, Etxalar, Bera edo Lesakako udalekin) zorrik ez dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

IV. ERABILIKO DIREN EBALUAZIO IRIZPIDEAK:

Dirulaguntzak emateko ebaluazio batzordeak alderdi hauek hartuko ditu kontuan:

  1. Dirulaguntza honekin lagundu nahi den proiektuaren interes soziala Bortzirietan: 0tik 10era arteko puntuazioa emanen da. – Proiektua Bortzirietako zenbat herrietan eskaintzen da. – Bortzirietako onuradun kopurua (datuak sexuaren arabera bereiztu beharko dira) – Erabiltzaileen perfila – Hasetzen den beharra – Bortzirietako baliabideekin duten osagarritasuna, elkarlana
  2. Proiektua aurrera eraman duen entitateak Bortzirietan duen presentzia edo eragina: 0tik 8ra arteko puntuazioa emanen da.
  3. Burutu beharreko jarduerek duten osagarritasuna maila profesionalean: 0tik 1era arteko puntuazioa emanen da.
  4. Kanpoko bideragarritasun ekonomikoa, hau da, bertze entitateei dirulaguntzarik eskatzen ote zaion gastuetan laguntzeko. 0-tik 3ra arteko puntuazioa emanen da.

V. ESKAEREN EBALUAZIOA

Dirulaguntzak emateko proposamena balioetsi eta egiteaz arduratuko den Batzordea Gizarte Zerbitzuko teknikariek eta idazkariak osatuko dute. Laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 9 puntu lortzea. Konpromisoak ez betetzeagatik, eta Batzordeak beharrezkotzat jotzen badu, dirulaguntza geldiarazteko eta itzultzeko eskatuko dio entitateari, honako arrazoi hauengatik:

  1. Dirulaguntza jasotzea baldintzak bete gabe.
  2. Nahitaez egin behar diren egiaztapenak errefusatzea edo oztopatzea.
  3. Justifikazio ekonomikoa epe barnean ez aurkezteagatik edo/eta esleitutako diru kopuru guztia ez justifikatzeagatik.

Deialdi honekin lotutako gastuei aurre egiteko, 2023ko aurrekontuan kreditu egoki eta nahikoa dago. Batzordeak proiektuen balorazioa eginen du, eta zehaztuko du eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien. Inoiz ez da eskatu baino diru kopuru handiagoa emanen. Gutxieneko puntuazioak lortu dituzten entitate eskatzaileek eskatzen dituzten zenbatekoen batura deialdiko kredituaren parekoa edo txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari. Batura hori deialdiko kreditua baino handiagoa bada, banaketa hainbanatu eginen da eskatzaileen artean. Horretarako, gutxieneko puntuazioak lortu dituzten eskatzaile guztien puntuak batuko dira, kreditu erabilgarria zenbateko horretaz zatituko da, eta horrela lortuko da puntuaren balioa. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuekin biderkatuko da.

VI. ESKAEREN EBAZPENA ETA DIRULAGUNTZAREN JUSTIFIKAZIOA

Balorazio batzordeak, eskaerak aztertu ondoren, eta Mankomunitateko Lehendakariaren ebazpen bidez, erabakia berretsi beharko du. Ondoren eskatzaileei jakinaraziko zaie jasoko duten dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordainketa berehala eginen da. 2024ko urtarrilaren 31rako jaso duten diru kopurua eskatutako proiektuan erabili dela justifikatzen dituzten fakturak aurkeztu beharko dira, baita proiektua edo zerbitzuaren argazkiren bat ere, datu pertsonalik eman gabe. Aurkezpena aurrez aurre, Gizarte Zerbitzuaren bulegoan (Andutzeta kalea, 15 3. solairua, Etxalar), posta elektronikoz (info@bortziriakgz.eus helbidean) edo egoitza elektronikoan eginen da. Betebehar hau egiten ez duenari dirulaguntza itzultzea eskatuko zaio osotasunean edo justifikatu gabe utzi duen kantitatean. Agiri honetan aurreikusten ez diren kasuetarako, Batzordeak ebatziko du nola jokatuko den. Dirulaguntza banatzeko oinarri eta irizpide hauek 2023ko urriaren 19an eginiko Mankomunitateko bileran onetsiak izan dira.